Deustun ibili zineneko pasadizoak eta Unibertsitateko oroipenak
Nire urterik onenak Unibertsitatean eman nituenak izan ziren. Oraintxe itzuliko nintzateke garai hartara. Burura datozkidan lehenengo oroitzapenak lagun hurbilenen taldekoak dira. Oraindik ere adiskide izaten jarraitzen dugu eta, zelan ez, garai hartako pasadizoak gogoratzen ditugu. Ahaztu ezineko uneak pasatu genituen, klasean eta klasetik kanpo, ikasten eta dibertitzen. Makinatxo bat gauza egiten genituen baliabide gutxirekin! Klaseko gainerako kideen eta irakasleen oroitzapen gozoak ditut, gerora asko lankide eta adiskide izan baitira. Eta zelan ez gogoratu Dioniren garita, Angelen taberna, futbitoko partiduak…
Ikasketak amaituta, Patxi Llaguno lagunak irakasgai berri bat prestatzea “iradoki zidan” uda hartan (“Datuen egitura”) irailean emateko. Altxor bat bezala gordetzen dudan liburu bat oparitu zidan… eta hala gaur arte.
Horrek aukera eman dit gure Fakultatearekin etengabeko harremana mantentzeko eta, batez ere, ikasleei nire klaseen bidez Deustutik jaso nituen balioak transmititzen saiatzeko. Urte hauetan guztietan, gizartea eta teknologia izugarri aldatu dira, eta ikasleak ere ez dira aldaketa horietatik kanpo geratu, jakina. Orain ez dira ez hobeak, ez okerragoak, baina bai desberdinak. Hala ere, uste sendoa dut Fakultatetik atera ginen ikasle guztiok badugula Deustuk gugan utzi duen arrasto bat.