Mª Luz Valle

Deustun ibili zineneko pasadizoak eta Unibertsitateko oroipenak

Informatikako 2. mailatik unibertsitateko bi ikasketa egin nituen batera: Informatika eta Medikuntza. Goizetan EHUra joaten nintzen Medikuntza ikastera; eta arratsaldez, Deustuko Unibertsitatera Informatika ikastera, Informatikako 5. maila eta Medikuntzako 4. maila amaitu arte.

Hasieran zalantzak nituen, Informatika nire bizitzako lanbidea izango ote zen; gerora erronka bihurtu zen eta harritu ere egin ninduen hala izateak. “Ez dakizu noraino iritsi ahal izango zaren, lehenengo urratsa ematen ez baduzu”.

Deustuko Unibertsitateko garaian, gogoratzen dut zorabiatzeko moduko laneko garaia izan zela, bi karrera bateratu behar nituelako, batez ere (informatika arratsaldez eta medikuntza goizez). Garrantzi handiko erronka izan zen, ahaleginagatik ez ezik, ondo pentsatuta eduki behar nuelako zelan antolatu, egun bakoitzean zer ikasi behar nuen jakiteko eta azterketa guztiak egiteko (batzuetan bi izaten nituen egun berean). Gaur egun, zorionez, baditugu gradu bikoitzak eta antolamenduaren zati bat Unibertsitateak ematen dizu eginda.

Maitasun handiz gogoratzen ditut arratsaldeko Informatikako ikaskideak, giro ona eta lankide espiritua. Oso harreman hurbila eta giro ezin hobea geneukan gure artean; gauzarik zailenak ere, umorez hartzen genituen.

Urte haietan, etxeko babesak ere lagundu zidan: gurasoek animatu egin ninduten saiatu nendin, eta garai hartako nire mutil-lagunaren motibazioa eta ulermena ere lagungarri izan zitzaizkidan. Garai hartan denbora gutxi genuen elkarrekin egoteko, beti nengoen azterketekin eta. Gero nire senar eta gure umeen aita bikain bihurtu zen. Haiekin partekatu dut nire ibilbideko erronka bakoitza.

Zalantzarik gabe, garai horretan garatu nuen lanerako eta hobetzeko espiritua, eta horrek erakutsi zidan hasiera batean ezinezkoak diruditen erronkak lortu daitezkeela.

 

Project Navigation

Mª Luz Valle

Ikasketak Informatika Bizilekua España

Biocruces Bizkaia-ko Kudeaketa eta Antolaketa zuzendari zen aldetik, zentro berri honen sorrera eta garapena lideratu du. Gaur egun, Institutua Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean kokatuta dago, ia 8.000 m2 ditu Bizkaiko osasun publikoan egiten den ikerketa guztiari laguntzeko. 1.200 profesionalek egiten dute lan bertan, 400 ikerketa proiektu baino gehiago ari dira garatzen, 615 saio kliniko, eta europar proiektu eta Estatu mailako deialdietan parte hartze altua eta sendoa dute.  7 arlo zientifikotan ari dira proiektuak garatzen: minbizia, nerbio-sistema, endokrinologia, amaren eta haurren osasuna, prebentzioa eta gaixotasun kronikoak, immunitatea eta gaixotasun infekziosoak eta berrikuntzak kirurgian eta transplanteetan. Terapia aurreratuekin eta medikuntza pertsonalizatuarekin (ama zelulak, medikuntza birsortzailea) lan egiten da, baina teknologia berriekin ere bai (big data, medikuntza prediktiboa, robotika, exoeskeletoak, errealitate birtuala, serious games, etab.), eta diagnostikorako, tratamendurako eta errehabilitaziorako sistema berriak garatzen laguntzen da, protokolo eta gida klinikoak ezagutzea eta hobetzea ahaztu gabe.

Bere lehenengo urteak zurrunbilo ikaragarrian bizi izan zituen: Arthur Andersenen (gaur egun Accenture) aholkularitzan sartu zen, eta bertan parte hartu zuen Sistemen Planeko aholkularitza-proiektuetan (Osasun Sailekoak, besteak beste), industria, hezkuntza (UPV/EHU), energia, etxetresna elektriko, elikadura eta beste sektore batzuetako enpresetako ekoizpenaren kudeaketa eta kontrolaren arloko informazio-sistemen diseinuan eta ezarpenean.

Aholkularitza uztea erabaki zuen, gaur egun gorako bidean dagoen arlo batean sartzeko: adimen artifizialean. LABEIN Teknologia Laborategian sartu zen, IDEIA Adimen Artifizialeko Unitatean, aditu sistemen garapeneko arduradun eta Europar Batasuneko sistema adituen garapeneko ikerketa proiektu bateko ikertzaile nagusi.

Teknologia esparru horretatik, IBV, KEON, S.A. taldeko enpresa teknologiko berri bat ezagutu ahal izan zuen. Enpresa horretan, teknologia berriak ezartzeko proiektuak zuzentzea eskaini zioten (adimen artifiziala, groupware/workflow, irudian oinarritutako dokumentuen kudeaketa, multimedia teknologiak urrutiko agintean, mantentze lan prediktiboak, etab), Iberdrolarako eta beste Utility batzuetako proiektuetan lan egiteko, baita Europar Batasuneko Programa Markoko ikerketa proiektuetan parte hartzeko ere. Eta Utility-en Negozio Arloa lideratu zuen kudeatzaile lanean.

Esperientzia trinko eta aberasgarriko 10 urte izan ziren. Baina Osasun Sisteman sartzeko aukera izan zuen, bere aholkularitza, teknologia eta medikuntzako ezagutzak eta esperientzia bateratzeko. Gainera, urte horietan, ikasten jarraitu zuen eta Medikuntzako ikasketak amaitu zituen (udan ikasten zuen, lanekin zaila baitzen lana, ikasketak eta azterketak bateratzea).

Hasieran Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean sartu zen eta 20 urte baino gehiago darama Euskal Osasun Sisteman, hainbat arduratan: Gasteizeko Santiago Ospitaleko zuzendari mediko, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Zerbitzu Medikoetako zuzendariorde mediko eta Zerbitzu Orokor Klinikoetako zuzendariorde mediko, baita Bizkaiko Lurralde zuzendari, Kontratu-programen kudeaketaren arduradun gisa. Urte hauetan, bere kudeaketa lanean hobekuntza eta kalitatea bilatzea txertatu du funtsezko zutabe gisa eta, duela 15 urte baino gehiagotatik Euskalit, EFQM eta Eredu Aurreratuko ikuskaria da. Hainbat erakunde eta enpresaren ebaluazioetan hartzen du parte.

Osasun sistemaren beraren barruan, osasun berrikuntzan eta ikerketan garatzeko aukera izan zuen, hasieran BIOEFen, Euskal Autonomia Erkidego osoko saio klinikoen kudeatzaile, eta gero Biocruces Ikerketa Sanitarioko Institutua martxan jartzeko. Gaur egun, erakunde horretako kudeaketa eta antolaketako zuzendaria da.

 

Informazioa

  • Arloa : Informatika
  • Promozioa : 1986
  • Sare Sozialak :
  • Nire lantokia : Biocruces Bizkaia, Ikerketa Sanitarioko Institutua