Deustun ibili zineneko pasadizoak eta Unibertsitateko oroipenak
Asko gogoratzen ditut, baina denak ez dira kontatzeko modukoak.
Karrerako lehenengo edo bigarren mailan modelo jakin bateko oinarrizko plaka erraz bat eta programaren bat egiteko agindu ziguten, base lengoaian “zerbait egingo zuena”. Gogoan dut gomendatu ziguten dendan oinarrizko plakaren bila ibili izana eta agortuta zegoela. Hainbat herri eta denda korritu genituen eta ezin ezer lortu!
Ahalegin eta dedikazioko orduak ditut gogoan, azterketetako urduritasuna eta maila arrakastaz pasatzeak ematen duen poza. Gogoan ditut ikaskideak eta haietako batzuekin lortu dudan adiskidetasuna. Gaur egun ere mantentzen dut batzuekin lotura hori. Eta zenbait irakasle ere gogoratzen ditut, pertsona moduan eta irakasle moduan lorratz ahaztezina uzten dizutelako.
Eta, zelan ez, ederto gogoratzen dut azken azterketako nota ikusi nuen momentua eta zer esan nahi zuen: amaitua nuen karrera!